SOLASALDIA: Iparraldeko Euskal Irratiak

Gure Irratiak, Irulegiko Irratiak, Xiberuko Irratiak eta Antxetak osatzen duten Federazio horretaz hitz egin du Pepe Aizpuru Euskal Irratietako erredakzio-buruak. 1982 urtean hasi zen istorio hau, Alderdi Sozialistako François Mitterranden gobernuak sortutako irrati libreei buruzko legediarekin batera. Gero, eta irrati bakoitzaren nortasuna errespetatuz, amankomuneko programazio batera heldu dira Iparraldeko lagunak, euskaraz jakina. Lan taldea, programazioa, entzulegoa, gaurko erronkak eta etorkizuna izan ditu mintzagai Pepek gaurkoan.

Solasaldi hau deskargatzeko klikatu HEMEN.

Entzun orain

 

IBAIZABAL: Elkarrizketa politikoaren aurkako epaiketa

Ostegun honetako goizeko 10ak baino lehenxeago hasi da Ibarretxe lehendakari, Alderdi Sozialistako Patxi Lopez eta Rodolfo Ares eta Batasuneko 5 kideren aurkako epaiketa, Ermuko Foruak eta PPk bultzatuta. Xabier Aierdi EHUko irakasle eta soziologoaren ustez, epaiketa kontestu batean irakurri behar da: politika judizializatu egin nahi dute eta bide batez, euskal nazionalismoaren aurka edozein gauza baliagarria izan daitekeela erakutsi nahi dute salatzaileek eta ondoan daudenek. Europar Batasunean holakorik ez dela ikusten esateaz gain, Xabierrek epaiketa ezerezean geratuko dela pentsatzen du.

Elkarrizketa hau deskargatzeko klikatu HEMEN.

Entzun orain

 

IBAIZABAL: Nora aldizkaria (urtarrilekoa)

Nora aldizkariko 12. zenbakia pasa den igandean iritsi zen Euskal Herriko kioskoetara. Horretan, Iñaki Uriarte arkitektoak idatzitako “Burdin ibaia” da erreportai nagusia: oroimen historikoa landu du arkitekto honek, burdina eta Ibaizabal itsasadarra uztartuz. Honi lotuta Kirmen Uribek “Bitakora kahierra” idatzi du oraingo honetan eta horrezaz gain, beste artikulu batzuk ditugu Noran, “Erronkari”, “Gipuzkoako 3 ardibide” eta “Dorretxeak” hain zuzen. Bukatzeko, erraz egiteko 3 txango eta ohiko argazkia komentatu dizkigu Hektor Ortega aldizkari horren arduradunak.

Elkarrizketa hau deskargatzeko klikatu HEMEN.

Entzun orain

 

IBAIZABAL: Neguko Merkealdiak

Gaur, hilaren 7an hasi dira Hego Euskal Herrikoak, martxoaren 31ra arte luzatuko direnak. Jose Luis Segura EKAko (Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolamendu) komunikazio-arduradunak esan digunez, merkealdiak ez dira saldoak edo likidazioak: salneurriak jaisten dira eta ez kalitatea (honen inguruan ere erne ibiltzeko aholkua eman digu). Horrekin batera beste zenbait gauza kontuan hartu behar dira, hala nola etiketak, bermeak, aldaketak, itzulpenak edo txartelen bitartez egindako ordainketak. Jose Luisen ustez probetxagarriak izan daitezke aurtengo merkealdiak eta erosi baino lehen komenigarria da behar dugunaren zerrenda egitea.

Elkarrizketa hau deskargatzeko klikatu HEMEN.

Entzun orain

 

Berrienak @bilbohiria Twitter

Bilbo Hiria @Facebook