GAUBASA: Chris Hillman Bilboko Kafe Antzokian

Chris HillmanChris Hillmanek kontzertua eman du Bilboko Kafe Antzokian maiatzaren 3an eta, horren harira, Anartz Bilbaok Gaubasa irratsaioaren ohiko formatoa apur bat aldatu eta ordubeteko monografikoa eskaini dio Kaliforniako musikari mitikoari. Country rockaren aitzindaria izan zen Chris Hillman. Hamalau urte zituela, bluegrassaz maitemindu eta geroztik lau hamarkadako ibilbide luze bezain oparoa jorratu du kaliforniarrak. The Byrds talde mitikoan jo zuen baxua, Roger Mc Gini lagunduz, Flying Burrito Brothers taldean gitarra jo zuen Gram Parsonen ondoan eta Stillsen Manassas taldeko partaide ere izan genuen. 80ko hamarkadan Desert Rose Band sortu zuen Herb Pedersen bere lagun minarekin batera. Mandolina jotzen hasi zen Chris Hillman eta tresna hori joaz aurkeztu zitzaigun Bilboko Kafe antzokian emandako kontzertura. Saio honetan Chris Hillmanen ibilbide musikal luze eta joriaren errepasoa egiten digu Anartz Bilbaok. Deskargatzeko Gaubasa-ren azken saioa, klikatu HEMEN.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/gaubasa/gaubasa060503.mp3]

Entzun orain

 

MUSIBLA: Bertoko eta kanpoko proposamenak

GoseOhi duen bideari jarraikiz, Txuma Murugarrenek askotariko musika eskaintza egiten digu Musibla saio honetan. Laburpen gisa, esango genuke neurri egokian konbinatzen dituela bertoko eta kanpoko artisten emaitzak. Bertokoen artean, Ruper Ordorikak behinola Joseba Sarrionandiaren hitzekin moldatu zuen Ene begiak kantu zoragarria entzuteko plazerra izan dugu, Ez da posible diskotik hartuta; bestalde, Gose euskal taldearen soinu elektronikoak ere entzun ahal izan ditugu Pause eta Zazpi galderak lanetan; Sei urte talde berriztarraren zenbait kantu ere entzun daitezke saio honetan. Kanpokoei dagokienez, lehenbizi Primavera Sound festibalean izango den Richard Hawleyren bi kanta jarri dizkigu Txuma Murugarrenek eta gero Her spice holliday frantziar hirukotearen proiektu bitxia eman digu ezagutzera. Saioa deskargatu nahi baduzu, klikatu HEMEN.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/musibla/musibla060503.mp3]

Entzun orain

 

KINGSTON HIRIA: Horace Andy

Horace AndyKingston Hiria irrratsaioaren azken emanaldi honetan Horace Andyri buruzko mongrafikoa eskaintzen digu Egoitz Goikoetxeak. Horace Andy, sustraidun reggae musikaren abeslari garrantzitsuenetako bat, falsetez apainduriko bere ahots eztian kantu ahztezinak utzi dizkiguna, hala nola: Government Land (Gobernuaren lurra) edo You Are My Angel (Ene aingerua zara). Horace Andy Jamaikako hiriburuan, Kingstonen, sortu zen 1951n eta lehenengo grabazioak 60ko hamarraldiaren azken urteetan egin zituen. Geroztik, hainbat ekoizpen klasikotan parte hartu du Phil Pratt, King Tubby eta Prince Jammyrekin, besteak beste. Rastafari sutsua dugu bera eta bere kantuetan maiz agertzen zaizkigu islaturik kezka erlijioso eta sozialak. Saioa deskargatzeko, klikatu HEMEN.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/kingston/kingston060502.mp3]

Entzun orain

 

IRRATIA.COM: 50. saioa: Maiatzaren lehena eta Gotzon Garate

PIKNIKAMaiatzaren lehenaren biharamunean ari gara irrati emankizuna egiten. Maiatzaren lehenaren egunsentian, esan badaiteke. Mundu osoan ospatu du, eta horren islada eman nahi izan dugu gure irratsaioan ere. Interneten bidez, azkar jakin dugu munduko berri. Europan adibidez, ekimen berezia burutzen da azken urteotan Euromayday, Berlin istiluak izan direla aipatu du ETBk baina ekitaldi asko eta ezberdinak burutzen dira han, Evo Moralesek ekimen berria jarri du martxan Bolivian, eta mundu osoko kapitalistak urduri jarri ditu. Ameriketako Estatu Batuetan etorkinek, paperik gabekoek greba egin dute, eta kalera atera dira. Guk gaurkoan, kantu bereziak hautatu ditugu, lanarekin, langileekin, greba eta mobilizazioei lotutakoak. Maiatzaren lehenaren soinu banda deitu diogu gure emankizunari. Maiakovskiren Bertso berriak igarobide sobietikoari irakurri dizkigu Mieltxok. Gotzon Garate Eta gaur, besteak beste Euskal Filologia karrerak Deustun 30 urte betetzen dituenean, Gotzon Garate omendu dute bere ikasle eta lankideek unibertsitatean. Txuma Murugarren bertan izan da, eta bertako berri ekarri digu irratira. Berak ere kanta bat eskaini dio, eta Gotzon Garateren maisutasunaz eta xumetasunaz mintzatu zaigu. Berak batutako maiatzeko atsotitzak izan ditugu hizpide guk. Txumaren kantu batekin agurtu dugu saioa. Irratsaioko loturak, zuzenean jarraitzeko irratiacom etiketarekin: del.icio.us Programa  deskargatu gura baduzu, HEMEN.

Entzun: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom060502.mp3]

Entzun orain

 

ARTEKALEKO KRISEILUA: Azken egunetako margo erakusketak eta antzerki emanaldiak

Ignacio Goitiaren margo lanaArte plastikoen arloan sortzen diren albisteak aireratzea du helburu Artekaleko kriseilua irratsaioak. Arlo horretan aditua den Ismael Manterolak Bilbon maiatzaren 7a arte ikusgai izango diren bi erakusketa izan ditu hizpide. Windsor kulturgintza aretoan Bixente Ameztoy eta Goenaga margolarien lanak eta Nagel zizelkariak 70eko hamarkadan egindako obrak ikus daitezke. Bestalde, Lumbreras aretoan Ignacio Goitia margolari gaztearen sorkuntza lanak ikus daitezke. Irratsaioaren bigarren zatian Agus Perez antzerki kritikariak, azken egunotan ikusi dituen emanaldiez gain, hemendik lasterrera etorriko direnak ere izan ditu mintzagai: Els Joglars taldearen En un lugar de Manhattan (Manhattango leku batean), Bilboko Ayala antzokian izango den 666 antzezlana, eta hilaren 7an, igandearekin, bukatuko den Periferiak 2006 kultura egitaraua. Saioa deskargatu nahi baduzu, klikatu HEMEN.

Entzun: [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/artekalekokriseilua/artekalekokriseilua060502.mp3]

Entzun orain

 

Berrienak @bilbohiria Twitter

Bilbo Hiria @Facebook