MUSIBLA: Piztiak, Jone, Josetxo Anitua & Atom Rhumba, The Deadly Snakes eta Two Gallants

Josetxo AnituaTxuma Murugarrenek betiko eskemari eusten dio oraingoan ere Musibla saio hau planteatzerakoan: orekan erakustea eta entzunaraztea hemengo eta kanpoko musikari interesgarrien emaitzak. Hemengoen artean, Piztiak taldearen Euriaren zain izeneko diskotik bi kanta entzun ditzakezu: Gatibuaren balada eta diskoari izena ematen dion kanta. Geroago, Jone bakarlari gaztearen lehenengo diskoa ezagutarazten jardun du Txumak; disko horretatik Askatasunaren bideak eta Zu zara deritzatenak entzun ditugu. Bide ertzean taldea ere bisitari izan dugu eta, azkenean, Josetxo Anituak eta Atom Rhumbak Kafe Antzokian grabatu zuten diskoa ezagutzeko aukera izan dugu. Kanpokoen artean, The Deadly Snakes taldearen musika heldu zaigu Kanadatik eta, horren ostean, folk rock estiloa lantzen duten Two Gallants taldeko kideek eskaini digute beren musika Amerikako Estatu Batuetatik. Saioa deskargatzeko, klikatu HEMEN.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/musibla/musibla060531.mp3]

Entzun orain

 

KINGSTON HIRIA: Desmond Dekker zendu da

desmond DekkerAlbiste txarra jaso zuten joan den astean munduko reggaezaleek: Desmond Dekker musikari handia maiatzaren 25ean zendu baitzen, bihotzekoak jota. Hori dela eta, Egoitz Goikoetxeak hamabostaldi honi dagokion saio monografikoa berari eskaintzea erabaki du. Desmond Dacres zuen egiazko izena eta 1941ean sortu zen. 60ko hamarraldian Jamaikako abeslari garrantzitsuenetako bat izan zen eta ospe handia bereganatu zuen Duke Reid eta Coxone Dodden estudioetan egindako grabazioengatik. Ska eta punkaren arteko fusioaren eragilea ere izan zen Desmond Dekker. Askoren ustez, Jamaikako abeslaririk ospetsuena izan da, Bob Marleyren ondotik. Bere omenezko saio honetan The Aces taldearekin ari zenetik azken lanetara arte egindako ibilbide musikala errepasatu dugu: 007 Shanty Town, Intensified, Jimmy Cliffek idatzitako You Can Get It If You Really Want It eta bai The Specials taldearekin egindako kolaborazio lan batzuk ere. Saioa deskargatzeko, klikatu HEMEN.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/kingston/kingston060530.mp3]

Entzun orain

 

IRRATIA.COM: 54. saioa: blogs&beers 3.0 eta Sototik Tusurirekin

Irratia.comBlogs&beers blogarien topaketa berri bat daukagu asteon. Ostiralean Larrabetzuko gaztetxean batuko gara zenbait euskal blogari. Aitzakia hori hartuta, berbetan aritu gara Sergiorekin, larrabetzuar linuxzalearekin. LarraB&Btzu izendapenarekin 3. topaketa honetarako gonbitea luzatu digu berak. Ostean, beste blogari eta musika sortzaile bat izan da gure irrati emankizunean: Oier Iruretagoiena, Tusuri. Sototik saioa egiten du Oreretako Zintzilik irrati librean, eta musika esperimentala sortzen dihardu, besteak beste. Tusura Mishuri proiektu berriko Laboa kantua entzuten genuen bitartean, soinumapa.net proiektua ere aurkeztu digu.
Irrati emankizuna osorik entzuteko: Klik.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom060530.mp3]

Entzun orain

 

ARTEKALEKO KRISEILUA: Bi erakusketa Bilbon eta umore azoka bat Leioan

LizariturryOhi bezala, Bilbon egun hauetan bisita daitezkeen erakusketen gainean egin du berba Ismael Manterola EHUko arte adituak. Alde batetik, Marzana Espazioan dagoen Blamiren marrazkiena. Jose Antonio Iglesias Morenok CVCE lelopean (“bizitza aldaketa- estilo aldaketa” gaztelaniaz) zenbait marrazki bitxi erakusten dizkigu. Marrazki horietako asko grafiti mundutik gertu daude. Bestetik, Colon XVI aretoan Carlos Lizariturryk erakusgai jarrita dituen eskulturak aipatu ditu Ismaelek. Saioaren bigarren atalean, Ana Lopez Asensiok, Leioako Udalaren Kultura saileko arduradunak, ekainaren 1etik 4ra bitartean bertan izango den Umore Azoka aztertu du zehaztasunez. Aipatzekoa da egun horietan 46 konpainia arituko direla bertan, horietarik 17 Euskal Herrkoak izanik. Saioa deskargatu bahi baduzu, egin KLIK.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/artekalekokriseilua/artekalekokriseilua060530.mp3]

Entzun orain

 

SOLASALDIA: bilbohiria.com zer den

Bilbo HiriaAurtengo erronka eta aurtengo emaitza da bilbohiria.com. Eta Bilbo Hiria irratiaren aurtengo arrakasta ere badela gaineratuko genuke, harrokerian jausteko batere asmorik gabe. Jabi Zabala dugu bilbohiria.com-en asmatzailea eta aita pontekoa, eta Ibaizabal magazinean berarekin mintzatu gara, irrati kontzeptu berri hau zertan datzan era errazean azal diezagun. Jabi Zabala oso kazetari ezaguna da Internet munduan eta une honetan Zenbat Gara elkartean lan egiten du teknologia eta komunikazio molde berrien arduradun gisa. Bera izan zen, Patxi Gaztelumendirekin batera, Internet bidezko lehenengo euskal irratia –irratia.com– martxan ipini zuena eta bera da orain bere saioak podcast eran eskaintzen dituen lehenengo euskal irratia –bilbohiria.com– martxan ipini duena. Elkarrizketa honetan gauza ugari esan digu Jabik: nola aldatu den oso denbora gutxian irratia entzuteko modua, jadanik ez baita beharrezkoa halako egunean eta halako orduan irrati aparatuari adi egotea nork bere gogozko saioa entzuteko; Internet bitarteko dela, irrati txikiek zeinen erraz gainditzen dituzten beren mugak eta nazioarteko bihurtzen; podcast sisteman denbora laburrean zer-nolako audio artxibo erraldoiak izan ditzakegun euskaldunok; eta abar. Hots, bilbohiria.com zer den, nola sortu zen, zer eskaintzen duen eta hemendik lasterrera zer bilaka daitekeen. Solasaldi hau deskargatzeko, klikatu HEMEN.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/solasaldiak/bilbohiriacom0060505.mp3]

Entzun orain

 

PIPERPOLIS: 12 Tribu, ACT, Leioako Umore Azoka eta Bihotz Bakartien Kluba

Umore azokaPiperpolisko karriketan 12 Tribu talde azpeitiarraren disko berria ezagutu dugu gaur. Reggae doinuak bildu dituzte lan berrian. 12 Tribu ez da Euskal Herrian musika jamaikarra egiten duen lehen taldea, baina bai ezagunenetakoa, eta euren soinu sinkopatuek badute beren publikoa. Talde hau proposamen interesgarria da, estiloa ondo ezagutzen dutelako eta beren reggaearen bidez giro hipnotikoa sortzea lortzen dutelako. Hirugarren lana dute hau. 12 taldekidek osatzen dute taldea, baina gurean Konsul izan da. Lasunen kabareta deritzan atalean bi ekimen aipatu dituzte Ane Zabalak eta Galder Perezek: alde batetik, ACT Festibala (Nazioarteko Antzerki Eskoletako III. Jaialdia). Bilbon eta Barakaldon izango dira emanaldiok maiatzaren 29tik ekainaren 5era arte eta bertara mundu osoko makina bat eskolatako ikasleek taularatuko dituzte beren ekoizpenak. Bestetik, Leioan ekainaren 1etik 4ra bitartean ikusgai izango den Umore Azoka ere erabili dute ahotan. Kale antzerki horretan, hainbat herritatik etorritako 48 konpainiak 150 emanaldi eskainiko dituzte lau egunetan. Hirugarren gai kulturala literaturaren bidetik etorri da. Gotzon Barandiaran idazlearekin Bihotz Bakartien Klubaren orain arteko ibilbidea errepasatu dute Anek eta Galderrek. 2001eko neguan sortu zen Bihotz Bakartien Kluba, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean, lehenengo Joseba Sarrionandiaren testuekin sortu zuten Sarri gure artean; poesia errezitaldi horren ostean, Poeta hilen kluba eta Zakil alu hori atondu zituzten. 2004an Gotzon Barandiaranek Arrakalak poesia liburua plazaratu zuen. Zuzenean emandako errezitaldien testigantza ahalik eta gehienekin konpartitzeko, Arrakalak CDa grabatu dute berrikitan. Urtarrilera arte atsedena hartuko omen dute. Eta Piperpolis irratsaioaren betiko atalak ere aurkituko dituzu podcast honetan: John Trolloperen irratinobela, lehiaketa, gomendioak, eta abar. Saioa deskargatzeko, klikatu HEMEN.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/piperpolis/piperpolis060529.mp3]

Entzun orain

 

BASKISTAN: Haizeko musika tresnak Bulgariatik

Bulgariako ijitoakIzenetik besterik irudi lukeen arren, Bulgariakoak ditugu Together Again (Elkarrekin berriz) taldea osatzen duten lau lagunak: Ivo Papasov, Yuri Yunakov, Neshko Neshev eta Salif Ali. Lau ijito musikariok jazz eta rock doinuak entzuten zituzten ezkutuan, sobietarren menderakuntzaren garaian, hau agintarien gustuko kontua izan ez arren. Laster doinu haiekin esperimentatzen hasi ziren eta harizko tresnen bidez beren herrialdean folk bide berria urratu zuten. Euren teknika bikainari eta inprobisatzeko gaitasunari esker, arrakasta handia bildu zuten eta sarritan milaka lagunen aurrean eman zituzten kontzertuak. Gero, elkarrengandik banatu eta zeinek bere bidetik jarraitu zuen. Hamar urte igarota, elkarrengana berriz bildu eta saio honetan entzun dezakezun disko aparta grabatu dute 2005ean. Saioaren bigarren orduan honako gonbidatu hauek izan ditugu: Laço Tayfa talde turkiarra, vallenato musika kolonbiarra, Afro-Cubans All Stars taldea eta bukaera aldean Brasilgo forró musika. Saioa deskargatzeko, klikatu hemen: 1.atala, 2.atala.

Entzun 1.atala: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/baskistan/baskistan060529a.mp3]

Entzun 2.atala: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/baskistan/baskistan060529b.mp3]

Entzun orain

 

Entzun orain

 

ZUTARGI ARTEAN: Piotr Ilich Tchaikovsky

TchaikovskySaio honetan Tchaikovskyren bizitzari buruzko apuntetxo bat eta hainbat gertaera entzuteaz batera, bere hiru lanen atal batzuez gozatzeko aukera daukagu: Piano Kontzertua 1. zkia.ren lehen atala: Allegro non troppo e molto maestoso – Allegro con spirito; Eugeni Onegin operatik Lenskyren aria bat. Sinfonia “Patetiko”tik (6. sinfonia)- Allegro con grazia. XIX. mendeko errusiar musikagile ezaguna dugu Tchaikovsky. Txiki-txikitatik erakutsi zituen musikarako dohainak, baina 23 urte bete arte ez zuen musika ikasketak seriotasunez burutzeko aukerarik izan. Izaeraren aldetik, txikitatik ere urduritasun arazoak eta depresiorako joera nabariak zituenez, medikuek debekatu arren, ahal zuen moduan musika ikasteari ekin zion eta horretan aita berari laguntzeko prest izan zen beti. Zuzenbide ikasketak amaitu eta Justizia Ministeritzan funtzionario lanak bete zituen, baina handik gutxira dena utzi eta musikari eskaini zion bizitza. Errusiako “Bostak” taldearekin harremanak izan zituen, hau da, Rimsky Korsakov, César Cui, Balakirev, Mussorgsky eta Borodinekin. Bizitza pertsonala eta musika elkarri lotuta izan zituen beti, batak bestearengan eragin handia izan zuelarik. Instrumentu bakarrerakoi eta orkestretarako kontzertuak, ganbara musika, operak, sinfoniak, pianorako musika eta ballet musika izan ziren Tchaikovskyk gehien landutakoak. Saioa deskargatu bahi baduzu, klikatu HEMEN.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/zutargiartean/zutargiartean060526.mp3]

Entzun orain

 

POTTO: Finalaren finala 1980an

Amuriza / EnbeitaBertsolaritzaren bide zahar-berriak erakustea du helburu Bilbo Hiria irratiaren Potto irratsaioak eta gaurkoan bere helburua osoki bete duela esan genezake, zeren eta bi belaunaldi ezberdinetako bertsolarien lanak eskaintzen baitizkigu. Historiari dagokionez, 1980. urtean jokatu zen Euskal Herriko Bertso Txapelketaren finalera garamatza Jabi Lauzurikak, egun hartan finalaren finalean, nolabait esan, Xabier Amurizak eta Jon Enbeitak aurrez aurre botatako bertsoak gogoratzera, horien artean zeinek bere aitari eskainiriko bertso ezagunak ere badirela. Beste muturrean, bertsolari gazteei dagokien muturrean, iazko otsailean Donazaharreko Mendi jatetxean antolatutako bertso afarian Sustrai Colinak eta Amets Arzallusek botatako bertso sorta batzuk. Honetaz esan behar ekainaren 10ean Bilboko Kafe Antzokian izango ditugula bi bertsolari gazteak Bilbo Hiria irratiaren Potto irratsaioak antolatu duen bertso bazkarian. Saioa deskargatzeko, klikatu HEMEN.

Entzun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/potto/potto060526.mp3]

Entzun orain

 

SOLASALDIA: Euskaldunak eta esklabotasuna

EsklaboakGizakiak ikasi zuen noizbait beste gizakiak bortxaz menderatu, bere esanetara makurrarazi eta lanerako erabili ahal zituela, abereak balira bezala eta askatasun guztiez gabetuak. Esklabotasuna sortu zen horrela, inoiz asmaturiko gizatxarkeriarik handienetako bat, zalantzarik gabe. Asier Azpilikuetak erreportaje bikaina eman zuen argitara gai honetaz maiatzaren 14an Berria egunkarian. Nafar kazetariak, Jose Antonio Aspiazu historialariak eginiko ikerlanetan oinarriturik, datu zinez harrigarriak eman zituen euskaldunek afera honetan izan zuten zerikusiaz. Asier Azpilikuetarekin grabatutako solasaldi honetan euskaldun jendeak esklabotasunarekin historian zehar izandako inplikazioa eta datu harrigarri horietako asko xehetasun handiz ezagutzeko parada daukagu: gizakien salmentatik aberastu ziren euskal familiak, esklaboen garraioa egiten jardun zuten ontziak eta beraien kapitainak, esklaboak mugaren alde batetik bestera pasatzen ibili ziren mugalariak, euskal foruek beste arrazetako jendeez ziotena, Pio Barojak bere eleberrietan esklabotasuna nola deskribatu zuen –gertutik ezagutzen baitzuen, bere osaba handia trafikatzailea izanik–, baserriko lanetarako inoiz esklaboak erabili izana, eta abar. Solasaldi hau deskargatzeko, klikatu HEMEN.

Enztun: [audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/solasaldiak/asier_azpilikueta060516.mp3]

Entzun orain

 

Berrienak @bilbohiria Twitter

Bilbo Hiria @Facebook