Gaur irratsaio berezia egingo da Egunkaria libre! manifestazioa zuzenean kubritzeko, irratia.com eta egunkarialibre.info elkarlanean. Bilbo Hiria irratitik emitituko da eta Euskal Herriko hainbat irratik bat egingo dute gure zuzeneko seinalearekin, Interneten bidez. Emanaldian konexioak egingo dira manifestazioko zenbait tokitan izango diren berriemaleekin, zuzenean jasoko dugu Bilboko kaleetatik masiboa izatea espero den manifestazio hau, Egunkaria auziko akusatuei elkartasuna adierazteko deitutakoa.
Elkarrizketak, kronikak eta amaierako berbaldia ere zuzenean igorriko ditugu irratiz. Jarraitu nahi baduzue, eraman ezazue manifara irratitxo bat eta 96.0 FM sintonizatu Bilbon bertan.
Horrez gain, egunkarialibre.info webgunean zuzeneko telebista seinalea emango da Bilboko kaleetatik -irudiak zein audioak- eta gure irratiko estudioko irudiak tartekatuko dira, baita berriemaleek egindako argazkiak ere, denbora errealean. Twitterren jarraipena egingo da ere, minutuz minutu, manifestazioaren berri emanez.
Egunotan, epaiketaren haritik, ugaritu dira sarean auziperatuen aldeko elkartasun adierazpideak. Gorka Juliok artikulu batean kontatu duenez, oso esperientzia bizia eta polita egunotan bizitzen ari garena, bihar bertan hemen gure sintonian ere gauzatuko dena. Twitterren bero-bero dabil #egunkaria etiketa, Facebooken elkartasun taldea sortu da, informazioa eta atxikimenduak biltzen ari dira egunkaria.info webgunean… Hori guztia osatzera dator Interneteko ekimen berri hau. Emanaldia zuen gustokoa izatea espero dugu eta badakizue: zabaldu deialdia!




Behean sinatzen dugunok Bilbo Hiria irratiko kolaboratzaileak gara. Bertatik bertara emititu eta Bilbo metropolitano osoan entzun daitekeen euskarazko irrati bakarretakoa da Bilbo Hiria irratia, baina, aldi berean, pluraltasun eta irekitasun handiko komunikabidea ere bada, zalantzarik gabe. Gu geu ere bagara horren isla; irratiak bizi duen momentu latz honetan, hain zuzen ere, gure ahotsa ere entzunarazi nahi dugu.

Ostegunean blues eta gospel musiken izar baten bisita jasoko dugu Bilboko Kafe Antzokian, Bilbo Hiria irratiaren 10. urteurreneko ospakizunen baitan. 
