Historia pixkat egingo dugu, gehiago jakin nahi duenarentzat…

EsatariaBilbo Hiria irratiak 1997. urtean aurreneko irratsaioak emititzeari ekin zionean, Bilbo Handia eskualdean euskaraz egindako irratigintzan zegoen hutsunea nabari-na-baria zen. Hortaz, Bilbo Hiria irratia premia larri bati erantzun nahian sortu zela esan liteke. Gogora bedi 90eko hamarraldi hartan egundoko aldaketa eta iraultzak bizi izan zirela gure inguruan ikus-entzunezkoen alorrean. Tokian tokiko telebista kateak erruz ugaldu ziren hainbat herritan eta, bestalde, irrati frekuentzia berriak zabaldu zirelarik, makina bat irrati komertzial eta libre sortu ziren han-hemen.

Jakina, Euskal Herriko eskualderik jendetsuena izanik, Bilbo Handia halako proiektuak abiarazi nahi zituzten guztien ikusmiran zegoen. Kanpoko eta bertoko eragile ugarik agertu zuen bere interesa ikus-entzunezko hedabideetan proiektu berriei ekiteko eta, eratu ere, irrati estazio asko eratu ziren denbora hartan. Baina, ohi bezala, ekimen berri guztiak erdararen bidetik etorri ziren, eta euskara eta euskal kultura berriz ere umezurtz gelditu ziren gure eskualdean. Haiei begiratu edo haiek entzun eta bazirudien euskaldunik ere ez zegoela Bilbo Handian. Soziolinguistikak emaniko datuek, ordea, besterik erakusten zuten, gure eskualdean bai baiziren ehun milatik gora euskaldun, horretarako bidea eskainiz gero, halako proiektu baten entzule eta partaide izan zitezkeenak.

Garai hartan, bazterrak aspertzeraino errepikatu zitzaizkigun betiko leloak: euskara minoritarioa omen zen, lan handia ematen omen zuen gure hizkuntza hedabi-deen premietara egokitzeak, euskarazko hedabideak ez omen ziren errentagarriak, euskaldunok ba omen genuen irrati ofizial nazionala (Euskadi Irratia), euskara hutsezko irrati lokalak sortzea bideraezina omen zen, eta holako beste mila argudio merke. Dena zen zailtasuna, eta dena oztopo. Eta euskaldunok galtzaile ateratzen ginen beste behin.

Hori ikusirik, Bilbon euskalgintzan ziharduen lagun talde batek planteamendu haiek onartu ez eta, gaiari kemen eta erabakimen osoz helduta, Bilbo Hiria irratia sortzea pentsatu zuen. Eta esan eta egin. Kredituak eskatu, lokala alokatu eta txukundu, tresneria teknikoa erosi, Arnotegi mendian antena kokatu, lehenbiziko profesionalak kontratatu eta Bilbo Handi osorako euskara hutsez emititzeari ekin zion.

Bilbo Hiria izena jarri zioten irrati jaioberriari, gainera, inork egindakoari ezer kendu gabe, era horretan euskarak eta euskal kulturak hiritartu beharra zeukatela aldarrikatuz, alde batetik, eskualde guztiz hiritartu baten altzoan jaioa zelako eta, bestetik, gure kulturak, ezinbestean, bide berri horiek jorratu behar zituela iritzi zi-tzaiolako, gure eskualdean aurrera egingo bazuen, behinik behin. Beraz, irratiaren gai eta eduki gehientsuak Bilboko bizitzaren taupadei egokitu behar zitzaizkien, nolabait esan. Eta, egin ere, halaxe egin zen hasieratik beretik.

Diru inbertsio handiko urteak izan ziren haiek, eta lan ahalegin handikoak ere bai, baina herri ekimen batetik sorturiko irratiak Bilboko herriari zerbitzu jator bat ematen ziola ikusteak eta poliki-poliki entzulego leial bat geureganatuz gindoazela jakiteak aurrera jarraitzeko adorea eman ziguten.

BILAKAERA
Beraz, hainbat jenderekin izan genituen harremanen bidez, argi ikusi genuen ha-lako irrati baten proiektua komenigarria ez ezik, erabat beharrezkoa ere bazela Bilbo Handiko euskaldunentzat. Euskal Herriko informazio orokorra emateaz gain, eskual-dean zer gertatu, berehalakoan huraxe kontatzeko aukera ematen zuelako. Horretara, entzuleekiko hurbiltasuna eta berehalakotasuna landu genituen. Eta entzuleen beren esku hartze zuzena landuz joan ginen apurka-apurka, era horretan gure irratiaren mikrofonoak herritarren kezka eta ekimenen bozgorailu bilakaraziz.

Hirugarren urtean programazioa zabaldu eta osatu egin genuen. Gai eta profesional berriak sartu ziren irratira. Jadanik ez zen bizpahiru gauza puntualen inguruan lanean zebilen irratia, jende multzo handi baten interesguneak euskaraz elikatzen zituena baizik. Kultura eta musika tarteei beste interesgune ugari erantsi zitzaizkien: aisialdia, lana, harremanak, kontsumoa, kirola, soziologia, euskalgintza, gai espezifikoak, … Nolabait esan, hirugarren urtera iritsita, Bilbo Hiria irratiak ohiko irrati baten tankera bereganatu zuen, baina bere berezitasunak ezertan ere galdu gabe. Bere-zitasun horiek –Bilbo Handiko euskaldunen ahotsa izatea, bereziki– baitira Bilbo Hiria irratiaren izatearen funts eta muina.

Geroztikako urteetan, bide berberak sakontzen jarraitu dugu eta gaur egun esan dezakegu Bilbo Hiria irratia gure eskualdeko euskaldunentzat erreferente nabaria dela eta, aldi berean, beraien topagune eta bilgune ere badela.